XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Iparraldearen gainbehera

L. Villasantek dioenez, XVIII. mendean Iparraldean apenas dagoen idazle edo olerkari aipagarririk.

Sarako Ioannes Etxeberri medikua izan daiteke salbuespena, eta berak ere Hegoaldean egin zuen bere bizitzako zatirik handiena.

Gainera, bere lanak ez dira XX. mendera arte argitaratu eta ezagutu.

Iparraldearen gainbehera, bikoitza dela esan daiteke; bata, mendearen hasierakoa eta bestea, mendearen hondarrean gertatzen dena.

Mendearen hasieran, Utrechteko Itunaren (1713) ondoren, Frantziak Europan eta munduan zuen nagusigoaren parte handi bat utzi beharra du, bere kolonietako zati bat Ingalaterrari emanez.

Lapurdiko itsasertzak ez du XVII. mendean zuen harrotasunik.

Iparraldeko euskaldunentzat, ondorioz, zailagoa da bizitza eta euskal kulturaren izarrak distira galtzen du.

Mendearen azken aldean Iparraldeko euskaldunek jasan zutena are larriagoa izan zen.

Frantziako Iraultzak gogorki astindu zuen gure Iparraldea.

Euskaldunek arras galtzen dute lehengo gobernuera berezia eta biarnotarrekin batera biltzen dituzte departamendu politiko berean, Pirinio Atlantiarrean, alegia.

Geroztik ez du Iparraldeak euskal kulturaren birloratzerik ezagutu, harik eta A. D'Abbadie-k lore jokoak antolatzeari ekiten dion arte, XIX. mendearen bigarren zatian.

Hegoaldearen zuzpertzea

Borboiak Espainian sartzeak luzera kalteak ekarri zizkion Hego Euskal Herriari, baina, mesede ere egin zion neurri batean.

Pirinio mugako joan-etorriak erraztu egin zituen, teknika, zientzi eta kultur harremanak sendotuz.

Gainera, Hegoaldeak bazuen merkatari esperientzia; izan ere, foruei esker, Europarekin harreman libreagoak izaten ohitua zegoen eta hori ere onerako gertatu zen.

Ez zuen ezagutu Espainiak bezalako beherakadarik itsasgintzan eta merkataritzarako zuen tradizio sendoan oinarrituta, ekintza arrakastatsuak lortu zituen.

Hegoaldearen zuzpertze honetan bi genaerak eragin handia dute: merkataritza aldetik, Compañía Guipuzcoana de Caracas eta kultura aldetik, Herriaren Adiskideen Elkartearen sorrerak.

Biak ere Ilustrazioak hain gogoko zituen zientzia, teknika eta aurrerapena Euskal Herrira ekarri nahian.

- Compañía Guipuzcoana de Caracas.

1728an sortu zuten.

Francisco de Munibe Peñafloridako Kontea zen sortzaileetako bat.

Caracasekin harreman komertzialak izateko baimen honek 1776 arterainoko monopolioa eman zion elkarteari.

Bitartean, euskal kulturaren kezka oinarritzeko azpiegitura eman zuen loraldi ekonomiko honek, itsas bideetan barna, saleroskiekin batera, europar kulturaren aurrerapen haizeak baitzebiltzan, hara eta hona.

- Herriaren Adiskide Elkartea / Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País (R.S.B.A.P.).

Caracasko merkatalgo elkartea sortu zuenaren semeak, Xabier Munibek sortu zuen elkarte hau.

1764etik 1794 bitartean iraun zuen, hasiera hartan, elkarte honek.

Peñafloridako Konteak atzerapen eta ezjakintasunaren aurka etengabe lan egitea du helburu.

Horixe da, hain zuzen, elkartearen egitasmo nagusia: euskaldunak arte, zientzia eta letretara zaletzea, gizartearen arlo guztietara aurrerapena ekarriz.

Estatutuetako 9. artikuluan nazio hizkuntzen, gaztelania eta euskararen irakaskuntza eskatzen da.